Bibliografia Por lengua Por título


Título publicación: 


  Sorgina eta maisua

Título original: 


  Sorgina eta maisua

Autora: 


  Mariasun Landa

Ilustrador/a: 


  Jokin Mitxelena

Traductor/a: 


 

Editorial: 


  Elkar

Colección: 


  Kuku

Año 1ª edición: 


  2000

Núm Pág: 


  48 p. il. col. y n. 19x15 cm

Lengua original: 


  Euskera - Euskera - Basque

Lengua de publicación: 


  Euskera - Euskera - Basque

Menciones y Premios recibidos: 


 

Resumen: 

 

  Erdipurdi izeneko sorgina ez zen oso ikasle ona izan bere garaian. Ozta-ozta lortu zuen sorgin titulua. Gero, lanean hasi zenean, gauza bat bakarrik egiten zuen ongi: irakasle despistatuak harrapatu eta, ZAST, txanpan-botila bihurtzen zituen. Baina Kerman maisuarekin topo egin zuen egunetik erabat aldatu zen Erdipurdi sorginaren bizitza. Zergatik ote? Zergatik? Liburu bizi-bizia, testua eta marrazkiak elkarrekin jolasean dabiltzala dirudi.

Erdipurdi sorginak txanpain-botila bihurtzen zituen irakasleak. Bere tratulari edo negoziante senari jarraituz, upeltegi ederra osatu zuen txanpain-botila bihurtutako hainbat irakaslerekin. Aukera, berak nahiago izango du biktima haiek urrez txanpon, marrubizko tarta edo sikiera koka-kola lata bihurtu, baina, tira!, txanpain-botila haiekin konformatu behar...

Prentsako aipamenak:
- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 3.zenbakia, 2000ko azaroa Urte pare bateko isilunearen ondoren gure haur eta gazte literaturako idazle garrantzitsuenetako baten obra berri bat irakurtzeko parada eskaini digu Elkarlaneak Kuku izeneko sail berrian.
Mariasun Landak ipuin sinple eta irrigarria ekarri digu bere Sorgina eta maisua honetan; baina umorez egindako obra sinple honek hainbat eta hainbat irakurketa ezberdin ezkutatzen ditu bere lerroen artean. Argumentuan sorgin ikasle bat dugu protagonista, eta zenbait trastada egingo ditu (maisu-maistren kontrako trastadak) harik eta Kerman maisuarekin topo egin arte. Izan ere maisu honek haur guztiak erakartzen ditu bere ipuinen bidez, ikasleen arreta lortzen du ipuinen xarma eta magia dela medio Xerezadek Mila gau eta bat gehiago ipuin bilduman egin bezala. Eta hain zuzen magia horrek harrapatuko du sorgin bihurria, harrapatu, liluratu, erakarri,... Kermanekin ezkontzeraino; Xerezadek Xariar harrapatu zuen modu berean.
Literaturaz, irakaskuntzaz (ematen du aldizkari honetako funtzioaz ere), ipuinen balioaz ari zaigu -zeharka bada ere- Mariasun ipuin honetan. Baina ez horretaz bakarrik, umoreaz eta ipuinen funtzio ludikoaz ari da idazle ezaguna intertestualitatea ederki erabili duen kontakizun honetan. Izan ere lehena eta orain, gai serioa modu umoretsuan, tradizioa modernotasunean txertatzen jakin izan du Mariasun Landak ipuin honetan.
Eta ipuinaren argumentua bera soilik umorean oinarritzen baldin bada ere, lehenaren erreferentzia horrek (Hansel eta Gretelen ipuinak, edo sorginen munduak, edo bukaerako ezkontza berak) areagotu eginten du umore tonua liburuan. Alde horretatik haurrentzako irakurgai aproposa izateaz gain, helduei ere zuzendutako hainbat keinu aurki ditzakegu.
Gauza bera esan genezake arestian aipaturiko literaturtasunaz edo literaturaren betebeharraz irakaskuntzan, zeharka baina, era berean, ipuinaren oinarrian aurkitzen diren elementuak.
Beraz, ipuin hau, Sorgina eta maisua, ez da hasiera batean aipatzen genuen bezain sinplea; nahiz eta itxura hori izan. Izan ere gogoetarako eta entretenimendurako elementu ugari baititu.
Bestalde, Jokin Mitxelenaren lana ere aipagarria da, ilustrazio bizi eta txukun horien artean badira irakurlea edo ikuslea harritzen duten irudiak. Ipuin honek, komentatu bezala, irakurketa maila ezberdinak baititu, eta irakurle ezberdinak izan baititzake. Hala nola ipuina irakur dezakeen neska-mutila, une atseginaz gozatu nahi duen heldua... eta zergatik, oraindik irakurtzen jakin ez baina ilustrazioen bidez istorioaz eta honen inguruko gertakariez barre egin dezakeen haur txikia. Guztiontzat -baita gu ere- liburu interesgarria.

- Ana Urkiza, Egunkaria 200ko irailaren 23a, "ERDIPURDI" SORGINAK irakasleak txanpain botila bilakatzen ditu. Behin, irakasleak sorgindu nahian eskola batera joaten denean, Kerman izeneko irakasle xelebrea ezagutuko du ipuin kontari; liluratuta eta ipuinaren harian zeharo sartuta, amaitu arte gelditzea erabakitzen du. Kerman ostera, udaberrirarte luzatuko da eta sorginak egunero hurbildu beharko du eskolara ipuina entzutera. Amaicracars heltzean, Kerman-ek andereño gisa gelditzeko eskatuko dio. Erdipurdi eta Kerman maitemindu egingo dira eta maitasunaren eraginez, sorgina andre eder bilakatuko da eta Erdipurdiren ordez, Mediokrity deituko. Txanpain botila bilakatutako irakasle guztiei sorgindura kendu eta Kermanekin ezkonduko da.

Berrikuntza oparo

Sorgin berri baten istorioa dakarkigu Mariasun Landak ipuin honetan: sorgin berri bat, hari eta amaiera berri batekin. Aro berri baterako egokitzapena, finean. Berrikuntzak aurkezteko, Landak iraulketa darabil tresna gisa. Argumentua ordea, ez da Landak ipuin bikain honetan irauli duen elementu bakarra. Ipuin klasikoen mezuak eta egituraketa menperatzen dituen idazleak, maisuki aldatu ditu kontakizun honetan, pertsonaiak aurkezteko modua, pertsonaia nagusiaren izaera eta eginkizuna, narratzailearen partaidetza, eta ipuinaren amaiera.

Narratzaileak ipuin kontalaria dirudi: sorginaren deskribapen fisikoa eginez hasten da eta kontu-kontari, lehenengo pertsonan bere iritzia emanez, ipuingintza klasikoaren arauak puskatzeko arazoei erantzuna emango lioketenak daude: aipagarrienak, maitasunak mirariak egiten dituela, irakasleek ikasketa prozesua erakargarriagoa egin beharko luketela, Erdipurdik ez duela edaten (abstemioa dela), ipuinak denontzat direla interesgarriak (sorgina ere interesatu egiten baita), edo beldurrik ez izateak, gertaerak beste era batera ikusarazten dituela.

Bi ikuspegi

Dikotomia ugari bilbatzen ditu Mariasun Landak ipuin honetan. Hauei esker, gaizkiaren eta ongiaren arteko oreka lortzen du idazleak: sorgina maltzurra dela esan arren, Erdipurdi (Mediokrity gero) izen xelebreak sorginaren maltzurkeria indargabetu egiten du: sorgina umeen atzetik ibiltzen bada ere, irakasleengan du bakarrik eragina: eta txanpain botila bilakatzea, printzipioz, ideia ezezkorra izan badaiteke ere, txanpaina alai gaudenean edaten dugun edaria dela gogorazten digu berehala idazleak.

Barne egiturari dagokionean, bi zati nabarmen ditu ipuinak: lehenengoan, Erdipurdi aurkezten zaigu eta Erdipurdiren ekimena; bigarrenean ostera, aldaketa dator: izena aldatuko du, andre eder bilakatuko, eta ezkondu egingo da.

Ipuin klasikoen ezagule, Landak literatura klasikoari bi erreferentzia egiten dizkio: Hansel eta Gretel-en ipuinaren zati batzuk kontatzean batetik, eta Mila eta bat gau delako liburuaren egituraketa erabiltzean bestetik, Kermanek ipuina luzarazi behar baitu, botila bilakatu nahi ez baldin badu.

Egileekin harremanetan

Landaren ipuinak, liburuaren egileen partaidetzari dagokionean, bi ekarpen aipagarri ditu: bata, narratzailearen amaierako iruzkina. Narratzaileak dioenez, "ipuin on guztiak ezkontzarekin amaitzen dira" eta halaxe bukatzen du berak ere. Ez ordea, iruzkinik gehitu gabe. Ezkondu ondoren ez dakigula zer gertatzen zaion bikoteari diosku, baina horrek ez digula axola.

Irakurlea zeharo harrapatzen duen beste bitxikeria Jokin Mitxelenaren (marrazkilariaren) protagonismoa da. Marrazkiek bakarrik hitz egiten dutela dirudien liburu honen kontrazaleko aurkezpenean, liburuan aterki bat ahaztuta utzi duela esaten digu, eta irakurleari, aurkitzen baldin badu, ondo zaintzeko eskatzen dio. Bada, aterki hori existitzen da eta irakurleak aurkitzen duenean, marrazkilariarekin ere harremanatu den sentsazioa izango du.

Ipuin bizkorra, freskoa eta batez ere modernoa da Landarena. Edonork proba egitekoa. Nik egin dut eta umeak hariari berehala lotu zaizkiola ikusi ahal izan dut. Erdipurdi ez dela "betiko sorgina" esaten didate, eta beste ipuin batzuekin konparatzera bultzatu dituela egiaztatu ahal izan dut.