Lana: Emakundek urtero banatzen duen sari honetan, Mariasun Landak irabazi du 2023ko Berdintasunerako Emakunde Saria, Haur eta Gazte Literaturaren bitartez «berdintasunari eta emakumeen eta nesken duintasunari» egin dion ekarpenagatik. Epaimahaiak aho batez hartu du saria Landari emateko erabakia. Besteak beste, Landaren «militantzia feminista aktiboa» eta «berdintasunaren aldeko ibilbidea, garrantzia eta eragina» azpimarratu du epaimahaiak. Sariaren berri emateko agerraldian, Mariasun Landak ondorengoa adierazi du: «Aitortza moduan jasotzen dut, nire bizitza osoaren aitortza moduan». 2024ko otsailaren 6an, Lehendakariaren eskutik jaso du saria. Lehendakariak eskertu egin du bere obren bidez “mundua ezagutu duten bezala zalantzan jartzeko, galdera berriak egiteko, balioak eta bizi-ereduak transmititzeko” ematen duen aukera.
Erakundea: Emakunde– Emakumearen Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomo bat da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburuz sortua. Erakundeak bi jarduera nagusi ditu: batetik, maila politikokoa, politikak diseinatu, bultzatu, aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena; eta bestetik, gizarte mailakoa, gizartearen sentsibilizazioa, emakumeen ahalduntzea, emakumeekiko indarkeriaren prebentzioa, etab. sustatzen dituena.