Altuna, I. (2024ko uztailaren 18a). «Irakurriz ikasten da idazten». El Diario Vasco.
Sorkuntza literarioaren inguruko udako ikastaroa eskeini du Mariasun Landak aste honetan, «transmititzea atsegin dut», dio idazle errenteriarrak
Idazteari ez dio utzi Mariasun Landak (Errenteria, 1949), ezta irakasteari. Azken 25 urteetan EHU-n irakasle izan da Literaturaren Didaktikan, erretiroa hartu zuen arte. «Baina ikastaroak edo hitzaldiak emateko deitzen didatenean oso gustura egiten dut», azaltzen du, izan ere asko disfrutatzen du «literatura bultzatzen, testuekin jolasten, hauek aztertzen… hori dena transmititzea atsegina egiten zait».
Azken urteetan EHU-ko udako ikastaroetan idazkera kreatiboaren inguruko tailerrak eskaini ditu, azkena aste honetan ‘Udako goiz batean literaturzale bat… Sorkuntza literarioaren abenturaz’ izenburua zeramana. Bertan adin eta lanbide desberdinetako partaideak bildu dira «gazteenak 20 urte zituen eta zaharrenak 78 eta niretzat oso aukera ona da honelako talde heterogeneo batekin lan egin ahal izatea, oso interesgarria izan da».
Idazkeran lagunduko dieten baliabideak eskaini dizkie Landak ikasleei. «Denei gertatu zaigu noizbait ez zaigula ezer bururatzen, ez dakigula nola hasi testua, egin duguna uskeria iruditzen zaigula… Mekanismo hauek aztertuta daude. Horregatik, ideiak sortzeko orduan beste errekurtso batzuk ematen dizkiet nik, adibidez, testu bat aztertu ondoren konklusio batzuk atera eta hori aplikatu, edo irudi edo filmetako eszenetatik abiatu ideia berriak sortzeko». Idatzitakoa taldean partekatzearen garrantzia ere azpimarratzen du idazle errenteriarrak. «Estrategia eta motibazio asko daude, baina azkenean esperimentatu behar da, bai irakurtzen eta bai idazten, ni filosofia horren aldekoa naiz. Azken finean, irakurtzea eta idaztea ontzi komunikatzaileak dira, bizikleta bateko bi gurpilak bezala, eta beharrezkoak dira biak literaturaz gozatzeko».
«Estrategia eta motibazio asko daude, baina azkenean esperimentatu behar da, filosofia horren aldekoa naiz»
Lotsak gaindituz, idatzitakoa erakustea beharrezkoa da, «besteek zuk idatzitakoa irakurtzen dutenean sortzen da komunikazio literarioa deitzen zaiona, literaturarik ez dago ez baduzu irakurle bat», dio Landak. «Lotsa senti dezakezu, baina baita satisfazioa besteengan sortu duzun emozio edo miresmenagatik». Beldur hauek gainditzen laguntzen die idazleak bere ikastaroetara hurbiltzen diren ikasleei, «horrelako literatura-tailerrean ez dago onik eta txarrik, bakoitza saiatu egingo da esperimentatzen, arriskatzen, jolasten, sormenarekin, ez dute ezer demostratu beharrik, helburua, ondo pasa, ikasi, trebatu eta literaturaz disfrutatzea da».
Idazten ikasi daitekeela uste du Mariasun Landak. «irakurriz ikasten da idazten», dio. «Nik estrategia arrarorik ez dut, magia ez dut egiten, nire esperientziatik abiatzen naiz». Beste lanbideetan bezala, jaiotzez erraztasuna dutenak badirela onartzen du, «baina txukun idaztea, praktikatuz lor daiteke». Hala ere, argi du askotan «sufritu» egin behar dela liburu bat ateratzeko, «baino hori ere kirolariei gertatzen zaie». Irudimenaren garrantzia ere aldarrikatzen du, baina hau askotan «xaxatu» behar dela uste du. Euskarri digitalek ere lagundu dezaketela dio, «tontakeria izango zen hau ukatzea», baino funtsean, «literaturak lantzen dituen gaiak, hau da, gorrotoa, maitasuna, inbidiak, pasioa edo fantasia, bihotzak eta irudimenak emango dizkizu».
Haur literatura, «oinarrizkoa»
Haur eta gazte literaturan idatzitako lanengatik da ezaguna Mariasun Landa. Arlo honetan, liburu ugari plazaratu ditu, bai eta hainbat sari irabazi ere. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren arloan lortu dituen sarien artean, 1991n ‘Alex’ ipuinagatik jasotako Euskadi Saria eta 2003an ‘Krokodiloa ohe azpian’ narrazioagatik eskuratutako Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala dira aipagarrienak. Bere hitzetan, haur literatura «oinarrizko irakurketa da». «Edozein idazleri bere gustuko liburuei buruz galdetzen badiozu, edo bere bizitzan garrantzia izan dutenei buruz, oso normala da erantzuna gazte literaturako lan bat izatea, ‘Altxorraren uhartea’, ‘Printze txikia’, ‘Alizia herrialde miresgarrian’…». Horregatik dio «oinarrian, txikitan emozio literario hori esperimentatu duenak, irakurle izaten jarraitzen du». Haurrek irakurtzen dutela uste du, «batez ere eskolan, izan ere bertan eskaini behar zaie aukera hori», eta batere irakurtzen ez dutenak helduak direla dio, «oso hipokritak gara zentzu horretan».
«Idazten jarraitzen dut, hortaz ez zara inoiz erretiratzen, baina ez dut produzitzeko premiarik»
Mariasun Landak idazten jarraitzen du, «hortaz ez zara inoiz erretiratzen», aitortzen du, baina «produzitzeko premiarik ez dut». Adinak egoera honen alde jokatzen duelakoan dago, «literaturan behintzat, gauza gehiago eta hobeagoak egin daitezke». Bere kaxoiak eskuizkribuz eta bukatu gabeko lanez beteta daude baina ez du erantzuten ea liburu berririk plazaratuko duen galdetzen zaionean. «Gauzak bideratuak izan arte ez diot galdera horri erantzuten».
Iturria: https://www.diariovasco.com/culturas/libros/irakurriz-ikasten-idazten-20240718175225-nt.html