Biografia

Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, 1949)

1973an Parisen Filosofian lizentziatu ostean, bere ikasketak Valentziako Unibertsitatean osatu zituen, Filosofia eta Letretan lizentziatuz. Zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle ihardun zuen. Erretiroa hartu arte Literaturaren Didaktikako irakaslea izan da Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatea). Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio-lanak egin baditu ere, Haur eta Gazteen Literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak, dagoeneko, alor honetan, 36 titulu argitaratu dituelarik. Aipatutako titulu hauetatik, asko Espainiako (katalana, galiziera, gaztelera) nahiz atzerriko hizkuntzetara (ingelesera, frantsesera, grekora, arabierara, koreerara, …) itzuliak izan dira.

Gaur egun ikastaroak, konferentziak eta elkarrizketak ematen jarraitzen du. Obra berriak argitaratzen jarraitzen du eta zenbait obra ere berrargitaratu ditu, kalitatezko testuei itxura berri eta freskoa emanez. Horien adibide dira, besteak beste, Elefante txori-bihotza eta Elsa eta paradisua.

  • Ibilbide hasieran jasotako sarien artean, honako hauek nabarmendu nahi genituzke: Lizardi Saria 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik 1991n.
  • 2002an, Tolosako Udalaren “A.M. Labaien Narrazio Saria” eskuratu zuen Krokodiloa ohe azpian narrazioagatik.
  • Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2003an jaso zuen,Krokodiloa ohe azpianliburuagatik.
  • 2004 urtean, Donostiako Udalaren Hiritar Merezimenduzko Domina eta Errenteria Hiriko Domina lortu zituen. Urte berean, 2004an, Euskal Editoreen Elkartearen eskutik Bustintza Saria jaso zuen, Durangoko XII. Euskal Liburu Azokan gehien saldu zuen idazleetako bat izateagatik.
  • Iholdi eta Krokodiloa ohe azpian lanak IBBYren Ohorezko Zerrendan egon ziren 1992an eta 2006an, hurrenez hurren. Modu berean, Elefante txori-bihotzaliburua 2001eko Municheko Nazioarteko Haur eta Gazte Liburutegiaren White Raven (Zozo zuria) zerrendan aipatu zen.
  • 2007 urteaz geroztik JakiundeEuskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide da.
  • Nobela autobiografiko bat argitaratu zuen: Festa aldameneko gelan (Erein, 2007).
  • 2008an, Hans Christian Andersen Nazioarteko Saria irabazteko hautagai izendatu zuten (Haur eta Gazte Literaturako Nobel Sari gisa ezaguna).
  • Mariasun Landa” sariak: Mariasun Landa erreferente bihurtu da Errenterian 2010 urteaz geroztik, Udalak bere izena duen Sari lehiaketa antolatzen baitu. Ekimen hau Errenteriako Berdintasun Planaren baitan kokatuta dago eta bere helburua gizarteko arlo desberdinetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenaren berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea da. Mariasun Landa da sariak ematearen arduradun. Sari horien bidez, emakumeek egindako ekarpena ikustarazi nahi da, eta horrela, herri-kronika osatu. Lehenengo Sariak 2010ean eman ziren eta ordutik, urtero martxan jartzen den lehiaketa bat da.
  • Dabilen Elea 2011 saria, euskal liburugintzaren inguruko bost elkarteen eskutik: EEE (Euskal Editoreen Elkartea), EIE (Euskal Idazleen Elkartea), APIE-EIEP (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala), EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea) eta iBBY Galtzagorri Elkartea. Elkarteen hitzetan “Mariasun Landa idazlea saritu dugu elkarteok, aho batez saritu ere. Izan ere, berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…”.
  • 2014an Eusko Ikaskuntzaren Kultura, Arte eta Giza Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen Euskal Herrian zein atzerrian duen proiekzioagatik eta bere lanen ikuspegi kritiko eta berritzaileagatik.
  • 2015 urtean Etxepare Euskal Institutuak Atzerriko Unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura Irakasteko “Excellence in Basque Studies” V. Ikastaroa antolatu zuen Mariasun Landaren omenez, Mariasun Landa haur eta gazte literaturako idazlea, Bernardo Atxagarekin batera euskal idazlerik itzuliena baita.
  • 2016an, Galiziako Pen Klubak,Rosalia de Castro Sariaeman zion Mariasun Landari.
  • Urte berean, Elena Asins artistaren oroimeneko ekitaldira gonbidatu zuten, Madrilgo Reina Sofia Museoan.
  • 2017an, Valentziako Merkataritza Gremioen eta Elkarteen Federazioak Maniseseko merkatuko udazkeneko festara gonbidatu zuten, La botiga de Pepa liburuaren berrargitalpena dela eta.
  • 2020an Idazle Galiziar Unibertsal izendatu zuen AELG-k, “hizkuntza, kultura eta duintasun nazionala” defendatzeko hautuagatik.
  • Urte berean, 2020an, urtero ospatzen den Bilbo Zaharra Euskaltegiko irakurketa jarraituan, Mariasun Landa omendu zuten bere obrez osatutako “Ipuin hautatuak” bilduma irakurriz.
  • Errenteriako Koldo Mitxelena Institutuaren eraikin erantsiak Mariasun Landa izena du 2022az geroztik.
  • Emakume egileei ikusgarritasuna ematea helburu duen Geure Gelatik liburu azokaren 2023ko edizioan Mariasun Landa omendu zuten.
  • Sarien artean, aipagarria da 2023ko Berdintasunerako Emakunde Saria jaso izana. Sari honen bidez «berdintasunari eta emakumeen eta nesken duintasunari» egin dion ekarpena saritu nahi izan dute.
  • 2024an, BBK Gutun Zuria Bilbao saria jaso du Mariasun Landak, Juan Mayorga antzerkigilearekin batera.
  • 2024eko ekainean Goierriko Irakurle Taldeen 6. Topaketan Mariasun Landa omendu dute. Horretarako, partaide guztiek Krokodiloa ohe azpianirakurri dute, gero Mariasun Landarekin solasteko.
  • 2024an, Euskaltzaindiako ohorezko kide izendatu dute.