Ugarte Irizar, I. (2018ko azaroaren 16a). Bizialdi literarioaren biltze bat. Berria. https://www.berria.eus/kultura/bizialdi-literarioaren-biltze-bat_1232631_102.html
‘Txikiaren handitasuna literaturan’ argitaratu du Mariasun Landak, askotariko artikuluen bilduma bat
«Liburu saltzaile ona banintz, esango nuke Mariasun Landaren testamentua aurkeztera etorri garela». Hitz horiekin hasi zuen Txikiaren handitasuna literaturan liburuaren aurkezpena, atzo, Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak. Batzuek barrez eta besteek espantuz hartu zuten esana, baina onartu egin zuen deskribapena egileak: «Testamentuarena, ez zaude oso urruti. Halako liburu batek ez dauka zentzurik norberak ez baldin badu jada adin bat, eta atzean ez baldin baditu zenbait lan solte, sakabanatuta, barreiatuta. Adinarekin lotuta doa biltzeko gogo hori, bildu eta esan: ‘Hau uzten dut’». Hau hori ia berrogei urteko ibilbide bat da Landaren kasuan, idazle eta irakasle gisara egindako ibilbide baten emana. «Bide luze honetan bizikleta baten gainean ibili naiz, bi pedalei eraginda: batetik, idatzi, nire istorioak; eta bestetik, literatura irakatsi. Eta hori ez da izan ogibide soil bat; idaztea bezain bokazionala agian ez, baina oso alde garrantzitsua izan da».
Bide horretan, hitzaldiak, txostenak, artikuluak eta beste idatzi beharra izan du Landak, dela ikastaroetarako, laneko kongresuetarako edo zenbait hitzalditarako. Hastapenetatik, 1970eko hamarkadan Anaitasuna aldizkarian lehen testuak plazaratzen hasi zenetik, hedabideetarako artikuluak ere idatzi ditu maiz, beti gogoko izan duen lana. «Beti iruditu zait zutabe on batek ipuin batek bezainbeste balio duela». Horiek denak bildu, galbahetik igaro, eta denera 21 testu bildu ditu Txikiaren handitasuna literaturan liburuan. 1991koa da idatzirik zaharrena, eta iazkoa berriena. «Mariasuni gustatzen zaio txori izatea, istorioak sortzea; baina gustatzen zaio baita ere nolabaiteko ornitologo izatea, txoritasun horri buruz idaztea, eta liburu honetan ornitologo hori ere badago», zehaztu zuen editoreak. Testuak banaka irakur badaitezke ere, jarraian irakurrita batasun bat erakusten dute Mujikarentzat, «intentzioetan» ikusten den batasuna. Hainbat ataletan Landak «zalantzak eta iradokizunak» utzi nahi izan dituela ere aipatu zuen, eta horiek osatzen dutela testu bakoitzaren amaieran erantsi dituzten irudiak, Marga Otaegiren argazkiak.
Haurrek bere egiten dutena
Lau lerro nabarmentzen dira artikuluetan, Landaren ibilbidean nagusi izan diren lerro berberak: feminismoa edo emakumea literaturan, irakurketaren esperientzia, literatur testuen sorkuntza eta haur eta gazte literatura. Azkenaren harira, Michel Tournierren esaldi bat ekarri zuen idazleak aurkezpenera: «’Haur eta gazte literatura da haur eta gazteek ere irakur dezaketena’. Hau eskoletan bonba bat da. Liburuan jartzen duen adin zenbakia ahaztea ezinezkoa zaie irakasleei, eta hori tirania hutsa da». Landaren hitzetan, haur eta gazte literatura ez da soilik haientzat idazten dena, haiek «bereganatzen duten hori» baizik. Eta idazle ororentzat haur eta gazte literatura idaztea «erronka estilistikoa» da, «ahalik eta emoziorik handiena eskaini behar du, hizkuntza eta literatura baliabide mugatu eta hautatuekin». Beste gauza bat ere aldarrikatu zuen Landak horri lotuta. «Ematen du haur eta gazte literatura landu dugun idazleak modu altruista batean ari garela. Gutxitan aipatzen da edozein autoreri dagokion beste alde hori; idazlea bera bere burua islatzen ari dela lan horretan, berari ere on egiten diola horrek. Badirudi trantsiziozko literatura bat dela, eta ez».
Liburuko artikuluetan errepikatzen den beste gaietako bat da idaztearen esperientziarena,Landarentzat hertsiki lotuta doana irakurketaren esperientziarekin: «Ontzi komunikatuak dira, bizikleta bateko gurpilak». Ideia «argia» badirudi ere, irakasle askori kostatzen zaien kontua dela uste du idazleak. «Guri gure garaian la primavera (udaberria) ematen ziguten idazteko gai modura. Hori ezin da esan gazteak idatz dezaten; estrategiak eman behar zaizkie jauzia egin eta proba dezaten, literatur sorkuntzaren bizipena izan dezaten».
Haur eta gazteei zuzendutako kulturak «estereotipo sexistetan» errotuta jarraitzen duela ere aipatu zuen Landak. Kontatu zuen askotan jaso izan duela «sexismorik gabeko liburuak» idazteko enkargua. Eta hori ez da literatura beretzat. Artikuluetako batean egin du galdera: «Gizarte sexista eta patriarkal batean idatz ote daiteke halakoa ez den literaturarik? Eta zein neurritaraino, desfase handiegi bat gertatu gabe, fikzioa gizarte aurrerapenen aurretik joan gabe?».
Idazlearen «barne museoa»
Bere literatur ibilbidean pisua izan duten autoreak ere zerrendatu nahi izan zituen idazleak aurkezpenean: Charles Perrault, Gianni Rodani, Antoine de Saint-Exupery, Asun Balzola, Simone de Beauvoir, James Matthew Barrie, Christine Nostlinger eta Italo Calvino; bere «barne museoan» ezinbestekotzat dituen egileak.
Interesa duen edonorentzatizanik ere, liburuaren hartzailetzat, batik bat, irakasleak eta liburuzainak izan ditu buruan Landak bilduma osatzerakoan. «Gustatuko litzaidake, nola testamentutzat jo dugun lana, liburuarekin lan egiten duten pertsona horiengana heltzea».