2022an sortutako proiektu hau hainbat eragileren arteko elkarlanari esker sortu da. Euskal Wikilarien Kultura Elkartea da proiektuko bultzatzaile nagusia, Hiru Damatxo da ekoiztetxea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesten du ekimena.
Proiektuaren webgunean ezagutza esparru desberdinetan banatzen diren euskarazko eduki pedagogiko libreak aurki ditzakegu: ekonomia, ingurumena, filosofia, erronka digitalak eta euskal literatura. Horrez gain, “Zortziko txikian” izeneko atalean, aipatutako ataletan sailkatzen ez diren beste gai edo bitxikeria batzuen azalpenak ere aurki daitezke, besteak beste, inauteriak, Durangoko Azoka, Olentzero edota bisurtea.
Webguneko bideoak, YouTubeko kanalean ere aurki daitezke, gaiaren arabera sailkatuta. Euskal literaturaren inguruko bideoetan, Haur eta Gazte Literaturari eskaini diote seigarrena. Bertan, Mariasun Landa eta bere Txan fantasma obra aipatzen dira, “gogoan hartzeko moduko egilea da, gutxien-gutxienez hiru arrazoiengatik: bat, bere lan emankorra hainbat hizkuntzetara itzuli delako (…); bi, hainbat sari irabazi dituelako (…); eta hiru, batez ere, Mariasun Landaren izena horrexegatik da gogoratzekoa, euskarazko Haur eta Gazte Literaturan inflexio puntu bat delako bere lana”.
Kredituak:
-Gidoilariak: Lander Arretxea eta Ane Garcia.
-Animazioen ekoizpena: Peru Isasi, Elba Berganza eta Asier Kortabarria.
-Ilustrazioak: Unai Gaztelumendi.
-Off ahotsa: Nerea Arriola.
-Lan pedagogikoa: Alaitz Urkizu.