Krokodiloaren irribarrea, 2015

Imanol Mercero

2015eko urriaren 25a

Krokodiloa ohe azpian

Idazlea: Mariasun Landa. 

Ilustratzailea: Antton Olariaga. 

Argitaletxea: Erein.

Zure ustez liburuaren kontrazalean «gaur egungo gizakiaren bakardadearen alegia mamitsua» dioenean, zeini begira idatzita dago liburua? Galdera tranpadun horrekin esan nahi dizut halako obra bat euskal gazte literaturaren gailurra bada, jada ez dagoela mugak ezartzeko aitzakiarik: behingoagatik utz diezaiogun literatura adinaren arabera sailkatzeari. Hel diezaiegun beste begi batzuekin liburuei.

Liburu laburra da, lauzpabost orrialdeko hamabi atalez osatua, umorez beteriko giro estresatua erretratatzen. Protagonista J.J. da, gizon maniatikoa, eta bizimoduak Krokoliditis gaitza eragingo diona, larria, baina botikariak gaztigatzen dioen bezala: «Krokodilitisa ez da gerta daitezkeen gauzetan okerrena». Ez du erraz irtengo zulotik.

Edizio berri honetan Krokodiloaren irribarrea deritzon gehigarria eskaintzen zaigu, liburuaren sorrera, irabazitako sariak eta idazlearen liburuaren gaineko hausnarketak biltzen dituena, testu erdi fikzionatu pare batean.

Argitaletxeak 14-18 urte arteko (??!!) irakurleentzako den Bioleta sailaren barruan argitaratu du.

Iturria: https://www.berria.eus/kultura/krokodiloaren-irribarrea_1009381_102.html