Elustondo, M. A. (2023). Mariasun Landa: «Idazlearen bisita irakurketa-prozesuaren azken ginga da». Hegats: literatur aldizkaria, 58, 8-13.
Idazleak ikastetxeetan dugu EIEren ekimenik indartsuenetakoa, 360 bisitaldi antolatu dira aurten han hemengo ikastetxeetara, idazleak ezagutzea eta literatur zaletasuna sustatzea helburu, besteak beste. Asmoari hasiera eman ziotenen artean zinen…
90. urtean gara, eta kontuan hartu behar da 80ko hamarkadan, haur eta gazte literaturaren arloan iraultza handia gertatu zela. Are gehiago, ordukoxea da haur eta gazte literatura modernoa Euskal Herrian, espainiar estatuan eta beste herrialde askotan. Garai hartan, lehendik zetozen hainbat gauzarekin hautsi zen: autoritarismoarekin, besteak beste. Orduan literatura errealista zen puri-purian, irakurleen kezkak bilduko zituen literatura, alegia. Hurrena, «Errealismo kritikoa» etiketa jarriko zitzaion. Hor da, adibidez, nire Txan fantasma, ni ohartu gabe, baina garaiko giroari jarraiki idatzitakoa. Errealismo kritiko horren barruan sartu zuten Txan fantasma. Euskal Herrian, bestalde, momentu historiko jakin bat bizi genuen: ikastolen mugimendua finkatu zen, Elkar eta Erein argitaletxeak sortu ziren, irakurlegoa sortzen ari zen, idazle corpusa osatzen, literatur sistema ere finkatu zen. Lehen aldiz, ikasle-merkatua dago, eta horren ondorioz, batera, idazle corpusa ere bada —hasieran, corpus txikia, baina, guztiarekin ere, badago idazle multzo bat—, eta obrak ere badira… Horixe dugu testuingurua. Horrez gainera, bene-benetako iraultza izan zen Haur eta Gazte Literatura irakaskuntzan onartzea; literatura, alegia. Oso gauza berria zen hori, eta eraginkorra. Merkatu handi bat azaldu zen, eta haur eta gazte literatura erruz saltzen zen.
Eta testuingurua horixe dugula, nola gauzatzen da Idazleak ikastetxeetan kanpaina?
Nik, lehenengo-lehenengo, Eskoriatzako Irakasle Eskolako Nerea Alzola eta Pello Añorga aipatu behar ditut. Nire biografiatxoan, haien izenak agertzen zaizkit. Alegia, nik umeekin izandako aurrez aurreko lehen topaketa Arrasateko liburutegian izan nuen. 1990 inguruan zen. Zeharo iraultzailea iruditu zitzaigun ekintza hura. «Noiz hurbildu da, ordea, idazle bat irakurleengana?». Ordu arte ez zen halakorik egin. Esate baterako, niri, txikitan, irakurtzen eta gustatzen zitzaizkidan liburuen egileak etorri izan balitzaizkit, ez nukeen sinetsiko. Eta 1990 hartan idazlea irakurleekin biltzea gauza ezohikoa zen, guztiz harrigarria. Badakigu orain hori guztiz arrunta dela, ohikoa dela idazleak irakurleekin harremana izatea, baina garai hartan, 80ko hamarkadan, pentsatu ere ez halako harremanik!
Gorago esan duzu haur eta gazte literaturaren arloan iraultza handia gertatu zela. 1975ean hil zen diktadorea eta abiarazi ziren hemengo erakundeak…
Aldaketa sozial handia gertatu zen, dudarik gabe, baita pedagogikoa ere. Eta literatur teorian ere, korronte handienek —Harrera teorikoek-eta—, irakurleei garrantzi handia eman zioten. Harrera teoria nagusitu zen, fokua irakurlearengan jartzen hasi zen: giltza zen irakurleak testua nola interpretatzen zuen. Garai hartan jasotako esaldi bat daukat buruan josia: «Ez dago literaturarik irakurlerik gabe». Idaztea da gauza bat, baina idatzitakoa inork irakurtzen ez badu, idazleak idatzitakoa berreraikiko duen irakurlerik ez badago, idazlearen eta irakurlearen arteko elkarrizketarik ez badago, literaturarik ez dago. Izan ere, horixe da literatura, idazlearen eta irakurlearen artean gertatzen den komunikazio-ekintza.
Zer oroitzapen duzu Arrasateko liburutegiko saio hartaz?
Gogoan dut sekulako emozioarekin joan nintzela Arrasatera. Liburutegira heldu eta, hantxe, umetxo batzuk. Biribilean jarri ginen, mahai txiki batzuetan… Oso zen gauza berritzailea, oso. Harrezkero, halako saio pila egin dut, baina hortxe da nire barruan beti Arrasateko hura. Eta, bestalde, ez nintzen liburu jakin batez hitz egitera joan. Hori gero etorri zen. Orduko hartan ez zen halakorik izan. Eta, gainera, hura ez zen eskola, liburutegia baizik, liburutegian ere iraultza bera gertatzen ari baitzen. Alegia, bazegoen kezka, liburutegia nola ireki irakurleei, irakurleak nola erakarri, irakurlea, idazlea eta literatur lana nola jarri harremanetan… Horixe zen testuingurua, eta, horretan, aitzindari izan ziren Nerea Alzola eta Pello Añorga. Eta aitortza zor zaie. Gustura irten nintzen. Ez nuke esango zoragarria izan zela, mugarri gertatu zitzaidala, saio haren «aurreko eta ondoko bat» izan zela nire bizialdian. Ez. Eta desastre hutsa izan zela ere ez nuke esango. Ez. Oso atsegina iruditu zitzaidan.
Hortxe Idazleak ikastetxean kanpainaren hazia…
Hazietako bat. Gero, EIEren zuzendaritza-taldekoa nintzela, kanpaina hau, proiektutxo hau abiarazi genuen —zeren, hasierakoa proiektu txikia baitzen—, eta errealitatearekin egin genuen topo: haurrekin harreman zuzena genuenok askoz errazago genuen irakurle gazteekin hitz egitea, oso ohituta geunden. Niri, adibidez, oso erraza gertatu zait beti haiekin hitz egitea. Ez dut neure burua behartu behar izan. Irakasle izan nintzen hainbat urtez eta ez nuen haur eta gazteekin harremanetan sartzeko eragozpenik. Jakina, aspaldiko kontuak dira, ez oraingoak, hogeita hamar urte dira oinarrizko irakaskuntza utzi nuela, baina haurrekin harremanetan sartzen trebatuta nengoen, zailduta. Aldiz, idazle asko baliabiderik gabe zegoen haurren munduaren aurrean, edo halaxe sentitzen ziren, baliabiderik gabe, ez zuten giro hura ezagutzen, ez zekiten zer egin ere. Normala!
Nola abiarazi zenuten proiektua? Zein pauso eman zenituzten?
Gogoratzen naiz neuk proposatu nuela asmoa EIEren zuzendaritza-taldean. Hasteko, jarduera Donostia mailan eskaintzea erabaki genuen. Inkesta moduko bat egin genuen EIEren bazkideen artean, nork eman nahi ote zuen izena eskoletara joateko. Liburuak izendatzen ere hasi ginen… gaur ezagutzen denaren kimua izan zen. Eta oso oker ez banago —dena buruz ari naiz-eta—, hasierako hartan hamabosten bat idazlek eman zirela esango nuke, baina ez dakit, ez nago ziur. Eta, esate baterako, ziur nago han zela Andu [Anjel Lertxundi]. Berak ere sekulako eskarmentua zuen irakaskuntzan. Eta beste gauza bat, ziur, esparrua Donostialdea zen, zeren Iñaxio Arregirekin bildu baikinen, Euskararen udal patronatuko arduradunarekin… Pena da prentsan ateratako albiste hura ez aurkitua… Hemerotekan arakatzen jardun dut, baina ez dut aurkitu. Nik uste Egin egunkarian aterako zela. Prentsaurrekoa egin, eta plana aurkeztu genuen.
Nola hartu zuten proposamena batzuek eta besteek?
…