Mendizabal Sarriegi, A. (2024, urtarrilaren 12a). «Literaturan idazlearen ideologia islatzen da». Oarsoaldeko Hitza. https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/01/12/mariasun-landa-idazlea-emakunde-saria/
Irakaslea ofizioz, idazlea eta dibulgatzailea da Mariasun Landa eta, gaztetatik, mugimendu feministari hertsiki loturik egon da. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide da, eta Donostian bizi den arren haren jaioterriarekin harreman estua du. Duela 14 urtetik bere izena daraman Mariasun Landa Sariak banatzen dira, eta 2004an Errenteria Hiriko domina eman zioten.
2023ko Emakunde Saria jaso duzu. Nola jaso zenuen albistea?
Errekonozimendua suposatzen duten sari guztiak oso ondo onartzen dira. Esango nuke, giza beharra dela momentu batean edo bestean esatea: «Ondo egiten duzu, ondo ari zara». Eta gero, berehala sentitu nuen erosotasuna, zeren, laburbilduz, nire bizitza oso uztartuta dago Emakunde Sariaren helburuekin.
Haur eta gazte literatura lantzen hasi nintzen nire ikasketak egin ondoren euskara ikasi nahi izan nuelako. Ikasketak Parisen egin nituen, filosofia hutsa. Inork ez ezerk ez zidan esaten haur literatura landuko nuenik, baina euskara ikasi nahi nuen. Parisetik etorri eta buru-belarri sartu nintzen, Franco hil baino lehenago, sortu berriak ziren euskara ikasteko eskoletan. Orduan Zarautzen nengoen klaseak ematen, eta konturatu nintzen nire ikasletxoek ez zutela ezer irakurtzeko. Gaur egun gezurra dirudi. Guk [haren generaziokoek] ametsetan ere ez genuke pentsatuko hau dena ezagutuko genuenik. Horrela hasi nintzen, eta, noski, betidanik gustatu izan zaidalako idaztea. Idazlea izan nahi nuen eta dagoeneko gaztelaniaz eta frantsesez idazten nuen. Ordurako feminista sentitzen nintzen ere bai. Esan nahi dudana da dena eskutik joan dela, nire biografia, nire interesak, nire balioak bizitzan…
Ez ditut ipuin feministak nahita egin, baina egia da literatura egiten duzunean zure mundua eta zure balioak islatzen dituzula. Eta horregatik, pentsatzen dut, jende askok nabaritu zuen hasieratik nire ipuinetan rol aldaketak zeudela, emakumeak protagonistago zirela, eta bazituztela ezaugarri nabarmen batzuk gaur egungo ipuinei eskatzen zaizkienak. Nire kasuan, printzesa tuntunak bukatu ziren.
Unibertsitatean eta nire bizitzan eman ditudan hitzaldi askotan sexismoaz, hezikidetzaz, idazle emakumeez… aritu naiz. Beti izan da nire gaia. Bestetik, sorkuntza literarioan ere bizitza ikusteko nire modu feminista agertu da. Orduan, galdetzen badidazu zer sentitu nuen, bada nire erantzuna da sentitu nuena izan zela errekonozimendua, bai, baina beste aldetik, erosotasuna, ordezkatzen dituelako nire bizitzako ia alde guztiak.
Betidanik izan duzu feminismoarekiko konpromisoa?
Betidanik, bai. 17-18 urte nituela irakurri nuen Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua, Donostian nengoela oraindik Parisera joan gabe, ordurako mutilen eta gure artean zeuden desberdintasunak sentitzen nituelako. Errebeldea nintzen, ez nintzen konformatzen, gehiago eskatzen nuen. Eta gero, trantsizioan emakume talde bat sortu genuen Donostian. Talde berezi bat zen non euskaldunak, ezkertiarrak eta gure burua feministatzat jotzen genuenak elkartu ginen. Emakumeak Borrokan deitzen zen. Donostiako asanblean integratuta geunden. Hortik aurrera, beti egon naiz modu batera edo bestera harremanetan mugimenduarekin.
Gainera, uste dut gaizki egiten dugula feminismoaz hitz egiten dugunean. Feminismo batez hitz egiten dugu, feminismo bakarra egongo balitz bezala. Gaur egun feminismoez hitz egin beharko genuke. Ez da ezer gertatzen. Modu ezberdinean ikus daitekeelako zer egin behar den, zer egin dezakeen bakoitzak emakumeen berdintasun, duintasun, eta garapenerako gizarte oso injustu batean. Azkenean, giza eskubide kontua da. Gure eginbeharra ez da inoiz bukatuko beti egongo direlako, leku batean edo bestean, kultura batean edo bestean, zapalkuntza izugarriak. Unibertsitatean nituen ikasleei beti esaten nien: neskak, ez ahaztu orain erabiltzen ari zareten eskubideak lortutakoak direla. Hau da, edozein momentutan kendu ditzaketela. Ez ahaztu Virginia Woolf-ek [1882-1941], kategoriazko andrea eta idazlea zenak, ezin izan zuela Oxford Unibertsitatean sartu. Ez da prehistoriako zerbait, duela gutxi gertatu zen.
Zure ipuinak, nolabait, eraldaketa sozial horretarako baliatu dituzu.
Ez dut uste literaturak zerbaiten zerbitzura egon behar duenik. Literatura literatura da, baina egia da bertan islatzen dela idazlearen ideologia. Batzuek egin izan dituzte liburuak, adibidez, ekologismoa, antiarrazismoa edo feminismoa lantzeko. Ni ez naiz horietako bat.
Nola aukeratzen duzu hizketagaia?
Oso gai zabala da hori. Prozesu sortzailearen misterioa da hori, baina beste batzuetan ez da horren misteriotsua. Umeek nire haurtzaroa gogorarazten zidaten, eta uste dut aro hori gure baitan gordetzea oso inportantea dela. Liburu batzuk, Iholdi eta Txan fantasma, adibidez, umeekin harreman zuzena nuenean idatzi nituen. Unibertsitatean eta nire bizitzako beste momentu batzuetan literatura beste modu batean landu izan dut. Ideiak nola sortu? Ideiak, beharrak, irudimena… Asko irakurri behar da, eta momentu batetik aurrera ofizioa izatea ere garrantzitsua da.
Idazketa ofizio bilakatzea esan nahi duzu?
Bai, baina zentzu onean. Gazteagoa nintzenean esaten nuen: enkarguz ez! Bururatzen zaidan momentuan idatziko dut. Ezaguna egiten zarenean, edo sariak jasotzean, argitaletxeetatik eskaerak iristen zaizkizu. Hor eskaera ofizio bihurtzen zaizu. Zerbaiten inguruan hiru orriko ipuin bat idazteko eskatzen dizute, eta ateratzen zaizu. Oso ondo gainera [barrez]. Orduan, asko izerdia izaten da, inspirazioa %1a da.
Sexismoaren borrokan lan handia egin duzu.
Asko erlatibizatu behar dugu; izan ere, gizarte sexista eta matxista batean literaturak eta arteak egin dezaketena ez da asko. Baina egiten dugun apur hori izan dadila bide horretan.
Jendeak prest egon behar du irakurtzeko.
Hain sakona den patriarkatu batean gauzak poliki joango dira, baina garbi eduki behar da horren kontra joan behar dugula.
Zentzu horretan, euskaraz esan dezakegu nolabaiteko zortea dagoela hizkuntzak ez duelako genero markarik. Baina hizkuntzaren erabileran eta hiztegian aldaketak egin behar direla uste duzu?
Gizarteak, garai historiko batean edo bestean, bere sentsibilitatea du. Duela 50 edo 100 urte permititzen ziren zenbait gauza testuinguru historikoarengatik barkatuko nituzke, baina gaur egun zaila egingo litzaidake modu matxista batean idaztea. Gure sentsibilitatea da, gehiengoaren sentsibilitatea. Eta askotan aipatzen ez dena: matxismoa edo sexismoa idazleengan jartzen duten kezka da, baina ilustrazioetan asko transmititzen da.
Zein zentzutan?
Ez da hainbeste idazleak zer idatzi duen, ilustratzaile bat dago ipuina marrazkietan jartzen duena, eta askotan sexismoaren adibide ederrak daude. Oraindik jarraitzen dute emakumeek lapiko artean, gizonak ondoan eserita egunkaria irakurtzen, mutikoa trenarekin jolasten eta neskatoa amari laguntzen. Ilustrazioari asko begiratu behar zaio. Izan ere, ipuina behin edo bitan irakurriko dute, baina marrazkiak askotan ikusiko dituzte. Ilustrazioa oso garrantzitsua da haur literaturan.
Lehen esan duzu hasieratik idazle izan nahi zenuela. Nola izan ziren hastapenak?
Gaur egun, agian, zinegilea izango nintzateke, baina momentu hartan, eta gaur egun ere, idaztea oso merkea zen. Boligrafo bat eta orri zuri bat, besterik ez duzu behar. Kontua da historiak asmatzea. Eta gero, uste dut txikitan, eskolan gauza batzuetan nabarmentzen zarela eta berehala esaten dizutela: zer ondo idatzi duzun! Gutxinaka zure auto-pertzepzioa bide horretatik joaten da. Irakurtzea ere gustatzen zitzaidan eta luxu bat bezala kontsideratzen dut telebista ez ezagutu izana.
Liburuak idazteaz gain dibulgazio lan handia egin duzu. Hitzaldiak eman eta artikuluak idatzi dituzu, besteak beste. Nola uztartu dituzu bi alorrak?
Oso erraza izan da niretzat. Bi erregistro ezberdin dira, bata sorkuntzarena da eta besteak ofiziotik asko du. Sorkuntza askoz ere delikatuagoa da, nire kasuan. Irakaslea izan naiz eta unibertsitatean, ikastaroetan edo eskatzen zidaten kongresuetan gustukoak nituen hizketagaiak hartzen nituen.
Askotan emakume idazleen inguruan hitz egiten duzu. Idazle emakumeen lanak ezagutarazteko ahalegin berezia egin behar da?
Hori beti. Baina azken 50 urteetan aldaketa handia ezagutu dut euskal literaturan, eta zehazki, euskal emakumeen literaturan. Momentu honetan urrezko aro batean gaudela uste dut. Idazle emakume zoragarri asko dauzkagu, asko irakurtzen dira eta asko saltzen dute. Horixe izango dituztela mugak, gainditu beharrekoak, diskriminazioak, baina guk baino askoz ere gutxiago. Nire belaunaldikoek ez genuen euskarazko sistema literario bat aurkitu. Ez zegoen argitaletxe korpus bat, irakurle korpus bat, produkzioa ere eskasa zen. Gaur egun, idazleak, neskak zein mutilak, naturaltasun osoz integratzen dira sistema literario batean.
Egindako lanaren emaitza gisa errekonozimendu asko jaso dituzu. Errenterian, adibidez, zure izena daraman sari banaketa bat dago, Mariasun Landa Sariak. Sari banaketan egoteko eta idazleekin hitz egiteko aukera izaten duzu. Nola sentiarazten zaitu horrek?
Beti eskertu diet bertan parte hartu izana eta animatu egiten ditut. Urte hauetan guztietan ez dut hutsik egin, eta ea hala jarraitzen dugun. Idazle bezala eta nire hiriak duen tamaina ikusita, luxu bat da belaunaldi berrientzako erreferente izaten jarraitzea.
Hainbeste errekonozimendu jasotzeak zer sentsazio sortzen dizu?
Bizitzan zortea izan dudala uste dut. Gauza batzuetan zortea izaten dugu, edo ondo ateratzen zaizkigu, eta beste asko ez hain ondo. Alde horretatik nire uzta jaso dudala iruditzen zait. Erein egingo nuen, eta orain nire uzta izan dut.
Urte hauetan guztietan baduzu bereziki bete zaituen zerbait?
Nire ilobatxoek betetzen naute gehien. Izeba zaharra naiz, eta bi txiki nire bizitzan gertu izateak asko bete nau.