«Gustuko dudan bizimodu paraleloarekin jarraitzen dut»

Esnaola, I. (2023, uztailaren 7a). Mariasun Landa, idazlea: «Gustuko dudan bizimodu paraleloarekin jarraitzen dut». Hirutxuloko Hitza

Erretiroa hartu zuenetik, batetik bestera dabil Mariasun Landa (Errenteria, Gipuzkoa, 1949). Azken boladan, hitzaldiak eta literatur tailerrak tartekatzen ari da. Une honetan, EHUko udako ikastaroetan dabil idazketa literarioa sustatzen eta irakasten. Horrekin batera, estimatzen dituen bi liburu berrargitaratu ditu Erein argitaletxearekin: ‘Elsa eta paradisua’ eta ‘Marlene eta taxizapata’.

Errenteriarra bazara ere, Donostian bizi zara. Noiztik?

Hiru urte nituenean, nire gurasoekin eta bi anaiekin Errenteria utzi eta Ordiziara joan ginen bizitzera. Handik Bergarara mugitu ginen, eta, ondoren, Pasaiara. Azkenik, Donostiara etorri ginen bizitzera. Zehazki, Gros auzora. Orduan 14 urte nituen. Nire anaietako batek brometan esaten du diplomatikoen seme-alabak ematen genuela. Ordea, ez da horrela. Nire aita banketxe bateko langilea zen, eta sukurtsal batetik bestera mugitzen zuten. Azkenean, esan moduan, Grosen bizitzen jarri ginen.

Gaztea nintzela, Donostia utzi nuen Parisen Filosofia ikasketak egiteko. Han lau urte eman nituen, eta bukatzean itzuli nintzen Donostiara. Ezkonduta, 1973an Amara auzora joan ginen bizitzera. Dena dela, duela hogei bat urte Grosera bueltatu nintzen, gurasoak zaindu ahal izateko. Biak hil ziren, baina nik hemen bizitzen jarraitzea erabaki nuen. Donostian bizi arren, oso harro nago errenteriarra izateaz. Ama eta nire izebak oso errenteriarrak ziren.

Omenaldiak, hitzaldiak eta ikastaroak. Ez zabiltza geldirik azken aste eta hilabeteotan.

Argi neukan erretiroa hartzean soilik laborala izango zela. Pentsioduna naiz, baina saiatzen ari naiz jubilatu aurreko bizimodu bera mantentzen. Batez ere, alderdi publikoa eta soziala. Idazle gisa hitzaldiak ematea asko gustatzen zait, oraindik eman ditzakedalako.

Aktibo egon behar dugu. Zergatik adinarekin pasibo bihurtu? Soilik osasunak agintzen du. Osasunez ondo ez bazaude, akabo. Bitartean, aurrera. Batzuek behar izaten dute bizimodu berri bat hastea erretiroa hartzean. Gustuko dudan bizimodu paraleloarekin jarraitzen dut; irakaskuntzarekin eta idazletzarekin. Biak asko estimatzen ditut, eta biak dira bateragarriak.

Orain ikastaroak eta hitzaldiak ematen jarraitu nahi dut, transmisio hori ezinbestekoa delako. Lagunek esaten didate horrenbeste hitzaldi eman beharrean gehiago idatzi beharko nukeela. Halere, niri gehiago gustatzen zait jendaurrean aritzea. Hitzaldiak eta ikastaroak prestatzea eta ematea errazagoa da niretzat. Gainera, berehalakoa da jasotzen duzun erantzuna eta emaitza. Idazketarekin, berriz, sentsazio hori lortzea askoz ere zailagoa da, denbora gehiago behar delako. Idazteari komentua deitzen diot. Azken batean, komentuan sartu behar zarelako idazketa prozesua aurrera eramateko.

‘Idazketa literarioaren abentura’ literatur tailerra eskaintzen ari zara EHUren udako ikastaroetan. Nolakoa da abentura hori?

Esperimentala. Pinturan esperimentatzen den moduan koloreekin, literaturan ere posible da irudimenarekin. Idazketarekin esperimentatzea da helburua. Betidanik garrantzia eman diogu testuen azterketari. Aldiz, niretzako ezinbestekoa da idaztea eta irakurtzea. Biak erabat lotuta daude. Testu batzuk irakurriko ditugu, horietan sakonduko dugu, ondo pasatuko dugu, eta, ondoren, testuak sortzen saiatuko gara.

Irakaskuntzan urte asko ibilitakoa naiz, eta ikasle bati ezin diozu eskatu udaberriaz idazteko, adibidez. Hori egiten zidaten niri txikitan. Horrelako ariketak gorroto nituen. Ezin zaio ikasleari bakarrik utzi, larritasun horrekin, bakartuta. Egokiagoa iruditzen zait testu bat ematea, komentatzea, ideiak sortu eta lantzea, eta, jarraian, idaztea. Metodologia honekin iruditzen zait nire ikastaroetako ikasleak ez direla aspertzen.

Irakurtzeko hautatu dituzun testuetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Bi aipatuko ditut. Batetik, obra klasiko bat aukeratu dut; Inazio Mujika Iraolaren Azukre Belazeetan narrazio bilduma. Zehazki, Regina ipuina da ikasleekin aztertu nahi dudana. Bestetik, Miriam Lukik aurten argitaratu duen Argialdiak liburua erabiliko dut. Gustuko dut gure literatura klasikoa eta berriena uztartzea.

Zure ikastaroen oinarrietako bat da ondorengoa: «Irakurri hobeto idazteko, eta idatzi arreta handiagoz irakurtzeko». Idaztea irakurtzea bezain garrantzitsua da?

Nire ikastaroetan idazketari garrantzia gehiago ematen diot. Nire ikastaroetara datorrena irakurria eta ondo hornituta dator. Iruditzen zait idazketarena motz geratu den alderdia dela. Nire ikasleen irudimena piztea eta zirikatzea da nire asmoa. Askok uste dute ez dutela irudimenik, istorioak asmatzeko gaitasunik. Hori zirikatu egin behar da pixka bat, gaitasun hori baden jakiteko. Horren ondoren, esperimentatzea da garrantzitsuena. Batzuk konturatuko dira uste baino errazago ateratzen zaizkiela istorioak. Egia esan, izan ditudan ikasle batzuek serio samar hartu dute idazketarena, eta aurrera egin dute. Horrek asko pozten nau, nire helburuetako bat delako.

Sari eta aipamen berezi asko jaso dituzu zure ibilbidean. Azkena martxoan jaso zenuen, Azkoitiko Geure Gelatik emakumeen liburu azokan. Pozik zaude egin zizuten omenaldiarekin?

Oso eskertua nago. Nik uste dut azokaren antolatzaileek asmatu egin dutela emakumeon literaturari eskainitako espazio honekin. Hasiera batean, beteranoak joango gara, atsoak ez esatearren [barrez], eta gero etorriko dira besteak. Antolatzaileek ez zuten argi azokarekin jarraituko zuten ala ez, baina nik aurrera egin dezan eskatzeko diskurtsoa eman nuen.

Nire ibilbideari aitortza egin izana asko eskertzen dut, baina nahiago dut ni katebegi moduko bat izatea eurentzat, azokak jarraipena izan dezan. Era berean, polita izan zen Arantxa Urretabizkaiaren eskuetatik jasotzea saria.

Omenaldiaz gain, zuk zeuk ere parte hartu zenuen azokan Annie Ernaux Nobel saridunaren inguruko hitzaldi batekin.

Gutxi batzuk jabetu dira iazko Literatura Nobel saridunaren bost liburu ditugula euskarara itzulita. Batzuetan esaten dugu gure literaturaren egoera ez dela ona, eta botila erdi hutsik ikusteko joera dugu. Batzuetan, ordea, esan behar dugu botila bete samarra dagoela. Ez da ohikoa Literaturako Nobel saridun baten horrenbeste libururen euskarazko itzulpenak izatea. Ez dakit erraz errepikatuko ote den.

Annie Ernaux ezagutzen genuenok logia moduko bat osatzen dugu. Ez da Isabel Allende bezain unibertsala, baina guretzat ezaguna zen. Asko poztu ginen Nobel saria eman ziotenean. Poz hori adierazteko, gogoan dut Kattalin Minerrek zutabe polit bat argitaratu zuela. Gutarra dela zioen, gure autoreetako bat saritu zutela sentitu genuelako. Hori dela eta, Ernauxen inguruko hitzaldi bat prestatzea erabaki nuen. Itzulitako liburuak zeintzuk diren eta dituzten ezaugarriak aurkezten ditut.

Geure Gelatik azokarako prestatu nuen hitzaldia, saria jasotzeaz gain, zerbait gehiago eskaini behar nuelako. Errenteriako Emakumeen Etxean, Mondragon Unibertsitatean eta Donostiako Liburutegi Nagusian.

Aurten bi liburu berrargitaratu dituzu Erein argitaletxearen bidez: ‘Elsa eta Paradisua’ eta ‘Marlene eta Taxizapata’. Lehena 2015ean plazaratu zenuen, eta bigarrena 2002an. Zergatik berreskuratu dituzu bi lan hauek?

Idazle batentzat oso garrantzitsua da liburuak errekuperatzea, batez ere, hauek hiltzear daudenean. Bi liburu hauek dagoeneko deskatalogatuta daude. Kanpoko argitaletxeek kaleratu zituzten, eta eurentzat euskaraz argitaratzea sinbolikoa denez, desagertzeko zorian zeuden. Euskal Herriko argitaletxeetan, berriz, liburuak ez dira deskatalogatzen, edo ez dizute abisatzen, ez zarelako konturatzen [barrez]. Bi liburu hauek nire kutunetakoak dira. Batez ere, Elsa eta Paradisua. Oso pozik nago Ereinek berrargitaratu dituelako.

Eta zergatik dira zure kutunak?

Elsa eta Paradisua liburuak niretzako berezia den gai bat jorratzen du: paradisua. Utopia eta paradisua antzekoak dira, eta horren inguruko lana da. Haur eta gazteei zuzendurikoa den arren, hausnarketa sakon bat du. Batez ere, erreferentzia ugari tartekatzen dituelako; Adam eta Eva, Abel eta Kain, fantasia eta umorea, eta abar. Elsa da protagonista, eta paradisua zer den jakin nahi du. Inork ez dio erantzuten, baina dama batek azalduko dio.

Marlene eta Taxizapata oso bestelakoa da. Jolas bat da. Marlene katemeak nire ezaugarri batzuk ditu, eta mundu dekadente batean kokatu dut. Vedettea izandakoa da katemea, eta Marlene Dietrich aktoreari egindako keinu gisa har daiteke. Dibertimendu bat da.

Beste lanik berreskuratzeko asmoa duzu?

Bada, bai. Elefante txori-bihotza haurrentzako liburua berrargitaratuko du orain Erein argitaletxeak. Anayak argitaratu zuen, baina argitaletxea desagertzear denez, berreskuratuko dute. Niretzat opari bat da lan hori ere berrargitaratzea. Sekulako arrakasta izan du gaztelaniaz.

‘Azken balada’ (Erein, 2016) da orain arte plazaratu duzun azken liburua. Zuk aipatu duzun komentuan, idazketaren txokoan, bazabiltza idazten?

Orain ez naiz idazten ari. Bi edo hiru lan ditut hasita, baina narrazioekin nekatu egiten zara batzuetan, nekea sortzen didatelako. Zahartu egiten zaizkizu barruan, zeure baitan. Hori piztu arte denbora pasatu behar da. Tartean, beste gauza batzuk sortzen dira, eta egunen batean berrartuko dut lan horien idazketako prozesua. Ez zait idazketa behartzea gustatzen. Zahartzeak duen onena da inori ez diozula ezer demostratu behar. Dudan adinarekin askatasun hori sentitzen dut idazle gisa.

Euskarazko haur eta gazte literaturaren erreferentea zarela dioten bakoitzean zer pentsatzen duzu?

Hala iruditzen zait niri ere. Ez nuke esango bakarra naizenik. Beharbada hemendik kanpo, bai. Euskal Herrian motz geratzen zait hori, badaudelako beste batzuk erreferentzat har daitezkeenak. Kanpoan nik bete dut euskarazko haur eta gazte literaturaren lekua.

Zure liburu asko itzuli dituzte 20 hizkuntza baino gehiagotara. Euskarazko haur eta gazte literaturan zu zara gehien itzuli duten idazlea?

Hori esaten dute, baina ez zait gehiegi axola. Ez dakit dakit 20 hizkuntza edo gehiago diren. Kopurua ez dakit. Umilak izan behar gara, edizio horiek oso ahulak izaten direlako. Pentsa, txineraz ere badago nire lan baten itzulpena, eta ez daukat horren alerik. Pena ematen dit horrek.

Eta zein da txineraz irakur daitekeen zure liburua?

Ipurtargiak paradisuan. Gaztelaniatik itzuli zuten txinatarrek, hori zelako gehien interesatu zitzaiena. Gu Txinari begira gaude, eta badirudi beraiek ere guri begira daudela. Liburu hori Elsa eta Paradisua lanarekin batera idatzi nuen. Garai hartan, paradisuarekin bueltaka nenbilen, eta, berriz ere, paradisuan kokatu nituen protagonistak. Adam eta Eva agertzen dira, animaliak, eta, bereziki, ipurtargia.

«Nik uste dut ez dudala balio gauza askotarako. Soilik idazten eta istorioak kontatzen dakit». Horixe adierazi zenuen duela gutxi emandako elkarrizketa batean.

Eskolan, asko sufritzen nuen matematikekin. Halere, Batxilergoa ikasi nuen, eta Filosofia frantses hutsean egin nuen Parisen. Azkarra izan naizela argi dago. Ordea, eskulanak egiteko abileziarik ez dut, eta beste gauza askotarako gaitasunik ezta ere. Aldiz, istorioak asmatzeko eta irudimena lantzeko balio izan dut betidanik. Orain, adimen artifizialarekin ez dakit zer gertatuko den.

Haur eta gazte literaturako hainbat egile eta obra jomugan jarri dituzte hizkera desegokia darabiltelako. Esaterako, Roald Dahl idazle galestarraren hainbat lan berrikusiko dituztelako. Zer iruditzen zaizu?

Ez da oraingo kontua, zentsura betidanik egon delako. Haur eta gazte literaturan, hasieratik, helduek eskua sartu nahi izan dute istorioetan. Carlo Collodi idazleari Giannetto obrako haur eredugarriaren antzeko liburu bat idaztea enkargatu zioten. Giannetto liburuaren antzekoak dira euskarazko Xabiertxo eta gaztelaniazko Juanito. Ordea, Collodik oso bestelako liburua argitaratu zuen: Le avventure di Pinocchio (1883). Sekulako irudimena zuen, eta haur eredugarriaren kontrako istorioa aurkeztu zuen. Pentsa, Pinocchio txotxongiloari kontzientzia edo kilkerra hizketan hasten zaionean, hormaren kontra bota eta hil egiten du. Walt Disneyk, ordea, animaziozko filma egin zuenean kilkerra istorioaren bukaeraraino mantentzen du. Collodiren klasikoa zeharo edulkoratu zuen. Horrekin esan nahi dudana da zuzentasuna bermatzearena aspaldiko kontua dela.

Parte hartu izan dudan kongresuetan gai honi buruz hitz egin izan dut. Pentsatzen dudana da obrak errespetatu egin behar direla jatorrian idatzi ziren moduan. Hori bai, klasikoak eta bestelako obrak bereiziko nituzke. Carlo Collodiren Pinnochio klasikotzat jotzen dudan modu berean, Roald Dahlen literatura ere den moduan mantenduko nuke.

Zure liburu edo ipuinen bat berrikusi behar izan duzu?

Ez, baina zentsura zer den ezagutu dut. Iholdi da nire liburu literarioena, eta zigarroak goraipatzen ditu. Hori ez da horren zuzena egun. Baten bati okurritu ahal zaio hori aldatu behar dela.

Errusika lanak ere badu berea. Arkakuso bat da protagonista eta garagardotegi batean sartzen. AEBetan arazoak izan nituen liburu horren itzulpenarekin, tabernak ez direlako aipatu behar haur eta gazte literaturan. Horrela ere, jatorrizko bertsioa mantentzea lortu nuen.

Egungo euskarazko haur eta gazte literaturari erreparatzen diozu?

Egia esan, ez. Denbora faltagatik, batez ere. Zer irakurri aukeratu behar da, eta bizitza laburra da. Lagun batena eta norbaitek gomendatua bada, orduan bai irakurtzen dudala. Egia esan, literaturgintza oso zabala da, eta ez dut generoetan bereizten. Gaur egun, era guztietako literaturarekin eta zinemarekin elikatzen naiz.