Hautsitako katera batu zirenak

Ugarte Irizar, I. (2023ko abuztuaren 20a). Hautsitako katera batu zirenak. Berria. https://www.berria.eus/serieak/hautsitako-katera-batu-zirenak_1340619_102.html

Aurrekoez zer iritsi zitzaien galdetuta, «ezer ez» errepikatu dute gerraosteko urteetan plazaratu ziren emakume idazleek. Frankismoaren etenaldia bista-bistakoa da haien hitzetan, eta «urrezko arotzat» daukate egungoa, ezagututako beste garai batzuen aldean.

Ikasketak eta kultur munduko lehen urratsak diktadurapean egitea tokatu zitzaien Hego Euskal Herriko emakume idazleei. Nekez kontatu zieten ezer 36ko gerraren aurretik idaztera lotu ziren andreen inguruan; eta, beste eten batzuk tarteko, Ipar Euskal Herrian ere ezinbestez hedatu zen ezjakintasuna. Aurreko belaunaldikoek erantzun behar izan zieten premiei segida eman zieten batzuetan, eta plaza publikoan galdutako lekua hartzeko bidea berregin zuten ezari-ezarian denek.

1. Zer heldu zitzaizun gerraurreko emakume idazleen inguruan? Nola begiratu izan diezu?

2. Transmisio etenak izan du eraginik zugan? Antzematen duzu arrastorik?

3. Azken urteetan, dezente apaldu da androzentrismoa euskal literaturan. Egindako bideak eta gaurko egoerak zer gogoeta pizten dizkizute?

MARIASUN LANDA

(Errenteria, Gipuzkoa, 1949)

«Euskal kulturaren gainean bonba atomiko bat bota zuen Francok»

1. Ezer ez. Etxean, amarengandik erreferentziaren bat edo beste jaso nuen Emakume Abertzale Batzaren inguruan, ze bera gaztetxoa zenean apuntatu zen. Banekien bazeudela emakume militanteak, baina besterik ez; idazleez ez neukan ideiarik. Gero deskubritu ditut, erreibindikatu, eta ezagutu ere bai. Julene Azpeitia lehiaketako epaimahaikidea nintzela, lehenengo deialdian, pertsonalki ezagutu nuen Sorne Unzueta. Geratu zaidan ideia da, batez ere, abertzaletasunak bultzatuta idatzi zutela.

2. Etenaldia gutxi esatea da… Amildegia izan da. Nire gurasoak, aitona-amonak, euskaldunak izan arren, niri frankismoa puri-purian zela erdaraz bakarrik irakatsi zidaten. Eskolaratzea, literatura… dena erdaraz. Niri beti gustatu zait idaztea, eta ikasketak egitera Parisera joan nintzen gazte—Festa aldameneko gela-n kontatzen dut—. Baina euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren harra ere sentitzen nuen, eta filosofiaren bidea utzi, eta Zarauzko ikastolan [Gipuzkoa], nolabaiteko etxabe batean, hasi nintzen lanean, ume txiki-txiki batzuekin eta euskara kaskar batekin, 1974an. Berehala konturatu ginen gauzak sortzeko zegoen beharraz. Nire kasuan, ikasleekin lantzeko liburuak, ez baitzegoen ia ezer. Hor sortu ziren nire lehen ipuinak, eta hor deskubritu nuen zein aberatsa den haur literatura modernoa.

Etenaldiak izen bat du: Franco. Euskal kulturaren gainean bonba atomiko bat bota zuen. Hori da nik bizitzan ezagutu dudana: zure gelan batzuek euskaraz zekitela handik 40 urtera deskubritzea, eta halako mila. Ez bakarrik emakumeak. Unamumo, Baroja… Denok genekien haiek zein ziren, baina euskal literatura oso urruti geratzen zen. Emakumeen literatura frantsesez asko jarraitu izan dut nik, eta ikusi dut nola lotu duten haien aurrekoekin. Genealogia. Oso inportantea da ez ahaztea gauden momentuan gaudela beste batzuei esker.

3. Gaurkoa pentsaezina zen orain dela berrogei urte. Normaltasunerako bidea hartu dugu, bere on eta bere akatsekin, eta uste dut idazle emakumeak urrezko aroa bizitzen ari garela. Ziurrenik, gaur, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox [1979] erreferente bat izango da askorentzat; hark erraztu du egun beste literatura klase bat ere egitea.

Gehiago irakurtzeko: https://www.berria.eus/serieak/hautsitako-katera-batu-zirenak_1340619_102.html