- Título original: Krokodiloa ohe azpian
- Ilustrador:
- Traductor:
- ISBN: 978-84-96643-11-6
- Editorial: Alberdania, S.L.
- Colección: Ostiral saila,18
- Fecha de edición: 2002
- Fecha de impresión: 2002
- Lugar de publicación:
- Nº páginas: 72 p. 20x13 cm
- Nº edición: 1ª ed., 1ª imp.
- Encuadernación: cartoné
- Lengua original: Euskera
- Lengua de publicación: Euskera
- Premios:
- Categoría: Literatura infantil y juvenil
Tipo arrunta da ipuin honetako protagonista.
Arrunta du etxea, arrunta lanbidea, arrunta izena bera ere: J.J. Ohitura arruntak ditu, egunero berritzen dituenak, beti berdin, beti berdin edo antzera. Baina halako batean, gaur, ohetik jaiki, eta batere arrunta ez den zerbait gertatu zaio: krokodilo bat ikusi du bere ohe arruntaren azpian. Egoera surrealista horretatik abiatuta, eta umore ukitu finez, gertaera korapilatuz doa autorea, amaiera biribil batera iristen den arte.
Gaur egungo gizartearen bakardadearen alegia mamitsua egin digu oraingoan Mariasun Landak.
Adina: 14tik gora
Prentsako aipamenak:
– Julen Gabiria, Deia 2002ko apirilaren 19a Bakardadeak hortzak erakusten dituenean
Narrazio labur honekin, Mariasun Landak gazte literaturako alorrean Euskal Herrian dagoen lehiaketarik garrantzitsuenetako bat irabazi berri du: Antonio Maria Labaien saria, hain zuzen ere. Eta gazte literaturako liburu bat dela diogunean, literatura dela esaten ari gara: bestela, sinisten ez badidazue, kendu gazte hitza, eta ikusiko duzue zer gertatzen den. Maiuskulaz idatzitako literatura.
Formatuak engaina gaitzake beharbada (liburua ez da 60 orrialdetara iristen), idazkeraren sinpletasunak ere bai akaso, mezuaren zuzenak ere bai agian; baina horren guztiaren atzean istorio borobil bat dago, gaurko gizartearen ispilu garbi bat da eta, dudarik gabe, irakurlea identifikaturik sentituko den autorretratu gordin bat.
Protagonista gizon arrunt bat da: J.J. Izena bezain arrunta da bere bizitza osoa. Irakurlearen bizitza bezain arrunta. Egun batean krokodiloa bat aurkitzen du ohe azpian, eta arrunkeriaren kronika honek ez du osagai gehiago behar bere lerroen artean nolabaiteko ezerosotasun bat sortzeko. Liburu hau itomen sentsazioa probokatzeko idatzi bazen, irakurleak ingurura begiratu eta protagonista bera dela konturatzeko idatzi bazen, orduan liburu honek ederto betetzen du bere lana.
Orain dela gutxi irakurri diogu Landari, elkarrizketa batean, bere asmoa sinpletasunik handiena lortzea zela. Ezin zuen beste modu batean izan: gizarte honek korrika eramaten gaitu alde batetik bestera; metroaren bost minutuak baino ez ditugu irakurtzeko, mikrouhinaren hiru minutuak baino ez bazkaria berotzeko, lagunarteko minutu erdia baino ez nor garen jakiteko. Eskematikoki. Liburu honen idazkera bezain eskematiko, zuzen, zehatz, gordin.
Krokodiloa ohe azpian agertzen zaigu lehenengoz, baina gero etxeko txoko guztietara hedatzen da, eta gure baitara ere bai, hortzak zorrotz eta azala gogor. Krokodiloak irentsi egin gaitzake, nahi badu eta nahi duenean. Gizarte honek bezala: egunero hozkadatxo bat ematen digu, eta egunero gose handiagoa dauka. Bakarrik gaude, gu eta gure krokodiloa. Mariasun Landaren idazkerak erritmo perfektua dauka. Errutinatik urduritasunera garamatza, eta hortik arrazionaltasunera, bakardadera, angustiara, eromenera eta galbidera. Konponbidea ere ematen digu, baina hori irakurleak deskubritu beharko du krokodiloak erabat irentsi baino lehen.
– Felipe Juaristi, Diario Vasco Barnean daramaguna.
Mariasun Landaren liburu honek Tolosako Udalak antolatzen duen Antonio Maria Labayen saria jaso du, sari garrantzitsua inondik inora, gazte literaturaren arloan behinik behin. Liburuak, gainera, merezi du saria, ezberdina baita euskal gazte literaturan idazten diren beste batzuen aldean. Mariasun Landak liburuaren aurkezpenean esan zuenez, berak idatzitakoan artean helduentzakoena omen, eta ez du arrazoi faltarik, helduentzakoen edo gazteentzakoen arteko muga estua baita oso, eta labana, argi eta garbi dena bestalde, irakurtzen dakienarentzat, eta esan behar da gero eta jende gehiago dagoela irakurtzen dakiena, irakurri ondoren irakurritakoa interpretatzen dakiena alegia. Gizon arrunt batek, bizitza arrunta daraman batek, halako batean ezustean krokodilo bat aurkitzen du ohe azpian. Hori da historiaren hasiera, eta esan behar dut hasiera horrek ematen duela liburua irakurtzeko aitzakia. Fantasiaduna baita, baina fantasia horrek errealitateko kontu asko dakartza agerira: izua eta mina, norberak bere buruarekiko duen ziurtasun gutxi ala gehiegizkoa. Esan nahi dut liburu hau psikologiaren alorretik ere azter daitekeela, gazteentzat idazten dien liburu asko bezala; azken finean, izua denok noiz edo noiz sentitzen duguna da, eta batzuek behin baino gehiagotan egunez. Izan ere, ohe azpiko krokodiloa, denok geure barnean daramagun zina edo minaren irudi besterik ez da. Egia da norberak bere buruari oztopo eta mugak jartzen dizkiogula egunero, nor garen eta noraino irits gaitezkeen jakiteko. Baina eman dezagun krokodiloa aurkitzen dugula ohe azpian. Zer egin? Horixe bera kontatzen digu Mariasun Landak, fantasiazko hasierari jarraipen logikoa eta kronologikoa emanez. Pasarte batzuk oso graziosoak dira, sinpatikoez gainera; elkarrizketak atseginak dira, arrunkeriatik ihesi; deskripzioak beharrezkoak, hain zuzen, ez gehiegizko, eta liburuak –irakurterraza bestalde, baina ez errazkerietara jaurtia–, hasierako doinuari eusten dio bukaeraraino.
- Catalán: Un cocodril sota el llit
- Catalán: Un cocodril sota el llit
- Castellano: Un cocodrilo bajo la cama
- Euskera: Krokodiloa ohe azpian
- Euskera: Krokodiloa ohe azpian –
- Eslovenio: Krokodil pod posteljo
- Ruso: Krokodil pod krovatiu
- Coreano: The crocodile under the bed
- Catalán: Un cocodril sota el llit
- Gallego: Un crocodilo debaixo da cama