Gaztetxoen kutunenak, 2010

Goyoaga, A. (2010, ekainaren 17a). Gaztetxoen kutunenak. Noticias de Navarra. https://www.noticiasdenavarra.com/cultura/2010/06/17/gaztetxoen-kutunenak-3474439.html

juul hauteskunde literarioen sariak banatu ziren atzo, paz de ziganda ikastolan. Euskal Herri osoko 20.944 haur eta gaztek hartu dute parte Ikastola Elkarteak antolaturiko proiektu honetan.

Iruñea. Juul hauteskunde literarioek utziriko emaitzak apirilean aditzera eman baziren ere, boza hauen irabazleek ez zuten saririk jaso artean. Atzo, ordea, haur eta gazteen babesa jaso zuten idazle eta ilustratzaileek beren omenaldia izan zuten. Toti Martinez de Lezea, Fernando Morillo edota Mariasun Landa bezalako idazleak izan ziren atzo Atarrabiako Paz de Zigandan izandako sari banaketan. Eta orain gutxi zendu zen Joxean Ormazabalen oroitzapena ere ikastolan izan zen, gazteenekin zeukan hitzordu honetan.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen duen proiektu honetan haur eta gazteak dira protagonista nagusiak. Beraiek erabakitzen dute zer idazle eta ilustratzaileen lanak gustatzen zaizkien gehien. Guztira, Euskal Herriko 20.994 gaztek hartu dute parte aurtengo hauteskundeetan. Euren gurasoek egin ohi duten bezala, beren botoak hautesontzietan sartu zituzten gehienek -bozka-tzeko beste modu batzuk ere bazeuden-, eta sostengu gehien jaso zuten idazle eta irudigileak sarituak izan ziren atzo, aurtengo bozei amaiera ematen zion sari banaketan.

Paz de Zigandako zuzendari den Iñaki Errozek eman zion hasiera atzoko ekitaldiari. Aurki, baina, proiektu honetako protagonistak diren haurrek hartu zuten lekukoa. Paz de Zigandako abesbatzako kideek ongietorria eman zioten atzo bildutakoei, Benito Lertxundiren Nere herriko neskatxa maite abestuz. Gazteenek oilo ipurdia ipini ostean, helduek proiektu honen garrantzia haurren artean irakurzaletasuna bultzatze aldera azpimarratu zuten. Eta haurrek, hain zuzen ere, beren omenaldia eskaini nahi izan zioten gazte eta haur literaturan hain garrantzitsua izan zen Joxan Ormazabal zenari.

Linatxo Unzue, Anne Lukin, Eneko Aranguren, Arrate Fraile, Eduardo López eta Anais Sánchez Paz de Zigandako ikasleek Ormazabalen olerki bana irakurri zuten, Xuri Puebla irakaslearekin batera. Idazle zegamarra gogoratu ostean, Pedro Salaberrik propio diseinaturiko sariak banatzeko tenorea heldu zen. Lehenik eta behin irakurtzen hasiberriak zirenen artean boto gehien jaso zuten lanak saritu ziren (A kategoria, 3-6 urte bitartekoak; eta B kategoria, 6-8 urte bitartekoak). Mario Ramos, Emile Jadoul, Ane Schneider, María Nuñez, Ana Mari Machado eta Mikel Tellagorrien lanak izan ziren sariutak atal honetan.

Jarraian, C (8-10 urte bitartekoak) eta D (10-12 artekoak) kategorietako irabazleak saritzeko momentua heldu zen. Atal honetan, Jon Arretxe eta Toti Martinez de Lezea izan ziren garaileak. Idazle arabarraren bost lan izan ziren aukeraturik bi atal hauetan. Eta gasteiztarra pozarren agertu zen atzokoan, Paz de Zigandako ikasleekin zirrika-mirrika eta guzti eginez. E kategoriari dagokienez(12-16 urte bitartekoa), Fernando Morillo Atarrabiatik pasatzerik izan zuen garaile bakarra izan zen eta ikastolako ikasle batekin amodioaz hitz egiteko parada izan zuen saria jasotzeko unean. Azkenik, F kategorian Uxue Alberdi, Mariasun Landa, Joxan Ormazabal eta Aitor Arana izan ziren sarituak.

Irudigileei dagokienez, Jose Luis Landa, Mikel Valverde, Eider Eibar, Jose Inazio Treku eta Jokin Mitxelena izan ziren sarituak. Alemanian bizi den azken ilustratzaile honek gutun baten bidez azpimarratu zuen sari hauen balioa, irakurleen iritzia zuzen jasotzeko «aukera oso eskas horietakoa» omen delako. Datorren ikasturtean irakurleek lehen eskuko datu hauek izateko aukera izanen dute berriro, baita gazteenek euren iritziak ematekoa ere.