Zabala, J. L. (2015eko uztailaren 4a). «Liburua hegaztia da, eta ez dakizu non pausatuko den; ezta nahi ere». Berria. https://www.berria.eus/kultura/liburua-hegaztia-da-eta-ez-dakizu-non-pausatuko-den-ezta-nahi-ere_1015454_102.html
Txinako argitaletxe batek erosi ditu Ipurtargiak paradisuan liburuaren (Elkar, 2010) eskubideak. Lehen aldiz itzuliko da txinerara Mariasun Landaren liburu bat. «Barregura eman zidan hori jakiteak», komentatu du. «Hemen, kontuz ibili behar duzu Biblia bezalako erreferente kultural bat aipatzeko, batzuek ez dutelako hori begi onez ikusten, eta txinatarrek, hori arbuiatu beharrean, beren hizkuntzara itzultzeko baimena eskatzen dizute».
Landaren liburuak munduko hizkuntza askotara itzultzen dira oraindik. «Azken itzulpenak izan dira Krokodiloa ohe azpian errusierara eta beste batzuk eslovenierara, bretoierara…». Datuak www.mariasunlanda.net webgunean daude jasota.
Askotarikoak izaten dira itzulpenak, Landak dioenez. Batzuk, bretoierazkoa adibidez, militantziaren bidetik egiten dira, ordainik gabe; beste batzuk, bide «normalizatuagoetatik» iristen dira… Egileak ezin ditu aurretik kontrolatu, baina pozez jaso ohi ditu guztiak. «Polita da tarteka beste hizkuntza batera itzulitako zure liburu bat jasotzea etxean, eta eskuetan hartzea. Liburua hegaztia da eta ez dakizu non pausatuko den; ezta nahi ere».